XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gero, bakoitzaren uretatik zer edo zertxo kenduta, beraien senera ekarrerazten saiatzen ziren.

Gure Luisi ez zitzaion Jainkoari eskerrak inoiz horrelakorik gertatu - oraindik sendo zegoen: hiru urtegarrenean haatik total jota helduko zitzaigun etxera.

Bai baina Sestaoko mutilari, Luisek eta Iruñekoak lagundu zutena, hango lueban batetan sartu zutelarik eta beren uraz burua pitin bat hoztu.

Guztiz harrituta geratu zen Sestaokoa, antza, beraren etsai politikorik amorratuenek modu horretan lagundua beren buruak arriskutan jarrita, zeren horrelakorik egiten aurkitu izan balute izugarrizko astinaldia hartu baitzuketen.

Ez zen inor, baina, ezertaz konturatu, eta adiskidantzaren zimentarriak une hartan jarri ziren sendo.

Ondo gogoratzen naiz Luisen hiletetan, elizan geundela, Lucianoren nigar isilez, hala baitzeritzon Sestaokoari, bai eta beraren aurpegi zurbilaz ordu bi lehenago gure etxera etorri zenean.

1950an zen, trabailuzelaietatik heldu eta hamarurte beranduago.

Lehenengoz gure amarengana joan zen doluminak ematearren, aitarengana gero, eta erdi arnasestuka zegoela hurrengo, nirekin gure Luisen gorpua ikustera egongelan.

Goiz hartan antolatu zuten guztia ehorztetxekoek, aurreko eguneko goizeko lauretan hil eta gero, hiletak arratseko seietan izateko baitziren.

Aurreko egunean, Mikelak, Petrak gure auzokoak eta hirurok gertatu genuen Luisen gorpua, garbitu lehenago eta beztitu gero.

Izan ere Petrak bazekien ondo zer egiten zuen, azkeneko hogei urteotan berak beztituak baitzeuzkan auzuneko hil guztiak.

Niretzat eta Mikelarentzat ez zen horregatio lan erraza izan, neba maitea hila, den dena garbitu beharrean biluzik zegoela.

Zorionez, minbizia eta guztiz ere, harrez gero errai guztiak hartuta zeuzkana, ez zuen hatsik botatzen ohi den bezala, eta lana errazago gertatu zitzaigun.

Azkenean Ama Birjinaren Karmelgoaren kutuna jarri genion lepoan eta frantziskotarren sotana jantzi.

Azkeneko urteotan, egia da, ez zen elizara joaten arras fededuna izan arren.

Hil baino ordu bi lehenago baina, Don Emilianogaz aitortu zen, bai eta jaunartu ere.

Eta arrazoia zuten gizonek hala ere, guk emakumeek berdin pentsatu arren joaten segitu baikenuen.

Berrogei eta berrogeitahamar bitarteko urteetan ez zen igandetan gizon abertzale askorik elizetan ikusi, (...).